Helburuak
Jarduera-sektore ezberdinetako saltokien arteko networking formatu honi esker ezagutza, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ahal izango dira, bai eta bakoitzak dituen kezkak ere. Horrez gainera, lankidetza, eta hala egokitzen bada, sinergiak sortzea sustatuko dira.
Bestalde, ekimenari esker merkataritzaren eta zerbitzuen sektoreko enpresen arteko harremana estutu ahal izango da, eta bakoitzak bere ibilbide profesionalean ikasi duena eta egin dituen okerrak partekatu ahal izango dira.
COMERCIOS PARTICIPANTES:
LANAS GORDOBIL
REGINA FOR KIDS
MARTINEZ NYG DECORACIÓN
ULTRAMARINOS GREGORIO MARTIN (bakailaoan espezialistak)
LA ILUSA
ONDORIOAK
Negozioaren xede den merkatua/taldea. Xede-talde horren orientazioa eta arreta (pertsonalizatua)
Saltoki parte-hartzaileek orokorrean argi daukate zein den euren negozioaren xede-taldea.
Adierazi dute neurri handiagoan edo txikiagoan euren publikotzat jotzen duten pertsonen datu-base bat sortzen joan direla, baina, aldi berean, aitortu dute ez dela erraza izaten erosketa-egoera eta kasu guztietan, jendea mesfidati agertzen baita datuak ematearen aurrean. Datuak jakiteari eta erregistratzeari begira, hainbat tresna erabili izan dituzte: arreta hobetzeko eta zerbitzu hobea emateko inkestak eta euren publikoaren edo bezeroen fitxak (oinarrizko datuekin), deskontuei edo tailerretan izena emateari lotuak, bai eta web-orriak berak eta online salmentak ematen dien informazioa ere.
Azpimarratu behar da datuak babesteko araudia betetzeak kezkatzen dituela oraindik ere.
Informazio horri esker komunikazio eta fidelizazio ekintzak egin ahal izan dituzte, besteak beste, newslettera bidaltzea (kasuren batean erosle fisikoak eta online erosleak bereizita) whatsapp bidezko zerrendak sortzea, bezero fidelenentzako sariak, zozketak, etab.
Merkatarien ustez euren bezeroen konfiantza zaindu egin behar da, itzul daitezen.
Negozioaren balio-proposamena: balio erantsia
Bezeroei eskaintzen dieten balio erantsiari dagokionez, nabarmendu dituzte arreta pertsonalizatua eta hurbiltasuna, produktuaren kalitatea, eskaintza pertsonalizatua eta produktuaren aukeraketa zaindua edo marka bera.
Faktore horiek, zalantzarik gabe, esperientzia gogobetegarria sortzen dute bezeroentzat, zenbait kasutan teknologia berrietan oinarrituta.
Horrez gainera, ezagutzak balioesteko antolatzen diren ekitaldi eta tailerrak ere nabarmendu dituzte, bai eta bezeroei transmititzen dieten negozioarekiko pasioa ere. Aipatzekoak dira, era berean, produktuari buruzko berriak eskaintzeko etengabeko interesa eta beste saltoki batzuek eskaintzen ez dituzten produktuak eskaintzekoa ere.
Esperientziak eta egoera berriak eskaintzen dituen merkataritza gune atsegina eskaintzea, stockean ez egon arren bezeroek eskatzen dituzten produktuak eskuratzea eta negozioa identifikatuko duen eta bezeroei erantzuna emango dien marka propioa izatea dira saltoki hauen berezko beste balio batzuk.
Berrikuntza
Berrikuntza hainbat arlotan islatzen da, esate baterako, negoziora egokitutako teknologia berriak erabiltzean produktuaren eskaintza zabalagoa modu erakargarriagoan erakusteko eta, modu horretan, erosketa-esperientzia hobea sortzeko.
Edota, janariaren kasuan, produktu landuagoen salmentan, kontsumoaren joerei erantzuna emateko. Edo baita merkatuan aurkitzea erraza ez den baina bezeroek eskatzen duten produktuan espezializatzean ere. Eta kasuren batean marka propioa merkaturatzean bezeroen eskaerari erantzuteko.
Zerbitzu erantsiak ematean ere berritzen da, eta, besteak beste, errezetak eman dira edo tailerrak eta dastaketak programatu dira, produktuaren arabera.
Negozioaren eraldaketa digitala
Orokorrean, negozioaren eraldaketa digitalean aurrera egiten ari direla aitortu dute. Stockage-aren kudeaketa digitalizatzea batzuetan konplexua dela aitortu dute, eta negozio-motaren baitan dagoela ere bai, baina adierazi dute teknologia lagungarria dela zeregin horretan.
Gainera, webguneak dituzte, sare sozialak zaintzen dituzte eta saiatuak dira marka modu pertsonalagoan hurbildu ahal izateko eduki propioak sortzean. Gainera, webgunearen bidez online-salmentan aurrera egin nahi dutela adierazi dute, eta aipatu dute eurentzat beste denda bat dela baina denda fisikoa zaintzen jarraituko dutela.
Kasuren batzuetan bezeroen datu-base bat ere badute, eta, dirudienez, argi dago datuetara sarbidea izateak erabakiak hobeto pentsatuta hartzen laguntzen duela.
Formakuntza/birziklatze beharra
Merkatarien ustez formakuntza funtsezkoa da negozioa hazteko eta ezagutzak zabaltzeko, hura hobeto kudeatzeko helburuarekin.
Alde horretatik, balorazio positiboa egiten diete Bilboko Merkataritza Ganberak eskaintzen dituen formakuntza-aukerei, bai eta Retail Euskal Eskolari, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza-sektorea profesionalizatzeko eta prestatzeko sustatzen duen programari ere, oinarrizko negozio-arlo guztiak hartzen baititu bere baitan.
Lankidetza beste enpresa batzuekin
Merkatarien ustez beste saltoki batzuekin elkarlanean jardutea sinergiak sortzeko, haiengandik ikasteko eta jende gehiagorengana iristeko modua da, eta, azken batean, lagungarria da euren jarduera garatzeko.
Batzuek jada lan egin dute beste saltoki batzuekin elkarlanean, eta lankidetza horren emaitza ona win win batean oinarritzen dute; bertan bi negozioek onura lor dezakete, eta izan daiteke errentagarritasuna edo ikusgaitasuna. Osterantzean, elkarlana zail ikusten dute.