“Kalean barrena noa eta erakusleiho batek nire arreta erakartzen du, ikusten dudana gustatzen zait eta dendan sartzen naiz, usain ona du, musika atsegina entzuten da eta nire zentzumen guztiak esnatzen dira, zerbait gustatzen zaizunean zure urdailean barrena dabilen inurridura hori, eta erosteaz gozatzen dut.”
Visual merchandising-a gure dendak bezeroaren arreta bereganatzeko, sartzera gonbidatzeko eta zentzu guztietan sentsazio atsegina sentitzeko artea da, horrela bezeroak gure lokala zeharkatu eta erostea lortuz.
Dena pentsatuta egon behar da: erakusleihoa, produktua non eta nola jartzen den, lokaleko usaina eta musika, bezeroari arreta emateko modua barne. Helburua da bezeroak erosketa-esperientzia positiboa izatea eta berriro bisitatzea.
Saltoki txikien balio erantsia bakoitzaren nortasuna eta izaera da. Badakigu nor garen eta zer saltzen dugun, eta gure negozioari balioa emateko ahalik eta irudi onena eman behar diogu. Horretarako, gure negozioaren balioak transmititzea lortuko duen atmosfera sortu behar dugu, bezeroaren interesa bereganatuz eta gure lokalean barrena ibilaraziz erosketa-nahia errazteko.
Saltoki bakoitzak bakarra eta berezia izan behar du; horregatik, garrantzitsua da zer saltzen dugun eta nori saltzen diogun jakitea. Geure unibertsoa sortu behar dugu.
Lokalaren ezaugarrien arabera, banaketari dagokionez, puntu beroak zein diren aztertu behar dugu. Zer da puntu bero bat? Gehien saltzen duten dendako guneak, bezeroa pentsatu gabe doan lekuetara: sarrera, pasilloa edo probalekuak bezala.
Gure helburua eremu beroak berdintzea da, eta, horretarako, bisual estrategikoak sortu behar ditugu, hainbat modutan: ispiluak jarriz, argiztapen berezi bat jarriz, sormenezko produktua jarriz, etab. Bisual horiek interesatzen zaigun produktuaren salmenta indartzea lortuko dute. Horrela, ohiko bezeroa harrituko
duen espazio dinamiko bat lortuko dugu.
Irudi erakargarri bat lortzeko beste puntu garrantzitsua produktua jartzea da. Familien arabera edo familien ezaugarri desberdinen arabera bereiz ditzakegu, hala nola kolorea, tamaina edo forma. Gune batzuetan sormenezko konposizioak eratu ahal izango ditugu, eta beste batzuetan, aldiz, biltegiratzeko kokapen
ordenatua aukeratu. Produktua apalategietan badoa, kontuan izan behar dugu beheko aldea, 50 cm-tik beherakoa eta goiko aldea, 1,70etik gorakoa, gune hotzak direla, eta biltegiratze gisa edo bolumen handiko artikuluren bat erakusteko erabil ditzakegula. Produktua txandakatzeak bezeroa harritzea eragingo du.
Azken batean, gure negozioarekin zerikusia duen guztia erakargarri egitea, erakusleihotik, denda fisikotik, online dendatik eta sare sozialetako komunikaziotik, kanal anitzeko markako irudi bat lortuz.