Adimen artifizialak aukera berriak ireki ditu edukiak sortzeko orduan. ChatGPT bezalako laguntzaileek testuak eskaintzen dizkigute eta Canva AI bezalako tresnek irudi bisualak diseinatzen laguntzen digute. Baina emaitza horiek benetan baliagarriak izan daitezen, ezinbestekoa da prompt egokiak idaztea. Prompt bat IAri ematen diogun agindua edo jarraibidea da: zenbat eta argiagoa, zehatzagoa eta testuinguru egokiagoan idatzia izan, orduan eta hobea izango da emaitza.
Zein da prompt on bat idazteko lehen urratsa? Nor zaren eta zer behar duzun jakinaraztea. Esaterako, ez da gauza bera “idatzi Instagramerako testu bat” eskatzea edo “idatzi 3 lerroko testu dibertigarria eta gazteentzat erakargarria izango den estiloan, Donostiako pintxo tour bat promozionatzeko, euskaraz eta gaztelaniaz”. Bigarren prompta zehatzagoa da eta IAri testuingurua ematen dio.
Prompt on bat sortzeko gida erraz hau erabil dezakezu:
- Nor naiz? → Bidai agentziako jabea, gida freelancea, elkarte bat … Zure nortasuna.
- Nori zuzentzen natzaio? → Zure publiko objektiboa, adina, interesak, hizkuntza…
- Zein da helburua? → Saltzea, informatzea, entretenitzea, komunitatea sortzea…
- Zer testuinguru edo adibide eman diezaioket? → Aurrez erabilitako edukiak bidaltzea estiloa eta tonua ikas dezan, hizkuntza edo formatu zehatza…
Adibide praktiko batzuk ikus ditzagun:
- Testurako prompta (ChatGPT):
“Diseinatzailea naiz eta marka txikiei bideratutako LinkedIn-erako post profesional bat sortu nahi dut, informatzeko helburuarekin. Marka identitatearen garrantziaz hitz egitea nahi dut eta 5 lerroko luzera izatea. Euskaraz eta gaztelaniaz, tonu inspiratzailean.” - Irudirako prompta (Canva AI):
“Tabernaria naiz eta herriko gazteei zuzendutako kartel bat sortu nahi dut udako kontzertu bat jakinarazteko. Kolore beroak izatea nahi dut, tipografia modernoarekin, euskaraz.”
Ikusiko duzuenez, prompt zehatza izateak erabat aldatzen du emaitza. Prompt lauso batek eduki arruntak emango dizkizu, baina prompt on batek zure marka identitatearekin bat datorren edukia sortuko du. Zenbat eta xehetasun gehiago eman, emaitza hobea lortuko duzu.
Azken finean, adimen artifiziala ez da magia: zuk ematen diozun informazioaren emaitza da. Beraz, argibide onak lantzeko denbora pixka bat eskaintzea inbertsio bikaina izango da zure komunikazioa hobetzeko.






